Herri sarrerako paretan egin zuten moduan, Txurruken auzoaren hasierako pareta egokitzen ari dira Udatxo artistak bertan margotuko duen muralerako gertu lagatzeko.
Udal brigadako langileak ari dira lanean atzotik. Besteak beste, kendu egin dute bertan zegoen harrizko idazkia, Grupo Achotegui, 61 viviendas, 1954 zioena.
Gaur, eguaztena, pareta margotzen ari dira, kendutako harrizko idazkiak lagatako zuloa bete egingo dute eta pareta murala egiteko prest lagako dute.
Udane Juaristi Ibañez Udatxok esan duenez, asmoa du bihar, eguena, bertaratzeko eta auzoko eta herriko bigarren murala margotzen hasteko.
Txurrukeneko lehen muralarekin egin zuen moduan, oraingoan ere auzotarrek lagatako antzinako hainbat argazkitan oinarrituko du bigarren muralerako marrazkia. Esan duenez, “ideia polita” dauka marrazkirako.
2024ko irailean Oreka Art galerian egin zuen erakusketan ezagutu zuten udal ordezkariek Udane Juaristi Udatxo. Artista azkoitiarraren lana gustatu, eta, “artea eta sormena” bultzatzen laguntzeko filosofiaren baitan, Soraluzerako lehen murala enkargatu zion Udalak Juaristiri. Udatxok herri sarreran margoztu zuen mural ederra, Txurrukeneko bizilagunek ibaiarekin zuten harremanaren isla.