Gertakariak

Basurde batek pertsona bat zauritu du Soraluzen

Egoitz Unamuno Loidi

Anbulantzia medikalizatua errepidean behera.

Goizeko hamarrak aldera, basurde batek eraso egin dio Karakate alderantz paseoan zihoan emakume bati. Basurdeak zauriak eragin dizkio gorputzeko hainbat lekutan eta emakumea Donostiako ospitalera eroan dute anbulantzia medikalizatu batean. 

Erasoa Izarrekoetxetxo baserriaren pareko errepide zatian gertatu da Karakatera bidean. Emakumea paseoan zihoan eta bat batean basurdea agertu da errepidera eta eraso egin dio. Zauriak eragin dizkio gorputzeko hainbat lekutan, larritasun maila ezberdinekoak. Emakumeak berak eman du abisua eta handik laster, larrialdi zerbitzuak hurreratu dira, bi anbulantzia medikalizatu, emakumea lekuan bertan artatu dute eta Donostiako ospitalera eroan.  

Basurdeak ezohiko jokabidea izateko arrazoia zein izan den jakin ez arren, bertaratu direnen hipotesi nagusia izan da ehiztariengatik ihesi zihoan basurderen bat izan dela. BARRENA harremanetan jarri da gaur goizean Soraluzen ehizan ibili den taldearekin eta haiek azaldu dutenez, goizean orkatz ehizan jardun dute baina beste auzo batean, Txurruka auzoan, erasoa gertatu den lekutik lauzpabost kilometrotara. Horrez gain, adierazi dute inguruko baserritarren partetik “aspaldi abisua emana” dutela ezohiko jokabidea duen basurde bat dabilela.