Bi basurde akabatu zituzten atzoko uxaldi berezian

Egoitz Unamuno Loidi

Atzo, Bergarako ehiztari taldeak gidatuta, basurdeak ehizatzeko uxaldia egin zuten Soraluzen. Jakinarazi dutenez, bi basurde akabatu zituzten.  

Ehiztariek goizean goiz ekin zioten uxaldia prestatzeari. Tartean ziren Debagoieneko herrietatik etorritako ehiztariak eta Soraluzekoak, hogeita hamarren bat guztira. San Andresen elkartu ziren eta han, taldeka banatu eta zakurrak hartuta, basurdeen arrasto bila sakabanatu ziren Muskiritzu mendiaren Soraluze aldeko magal osoan zehar, zehazki Ezozi, San Andres eta Txurruka auzoetako hainbat leku zehatzetan. Goiz osoa eman zuten basurdeen lorratz eta arrasto bila.

Ordu batak aldera, San Andresko aparkalekuan batu ziren, elkarri atzemandakoaren berri eman eta uxaldia non burutu erabakitzeko. Aukera guztiak aztertu ostean, erabaki zuten uxaldia burutzea Ezozi eta San Andres auzoan arteko muga egiten duen mendi magalean eta eremu hura inguratu zuten, ehiztariak estrategikoki hainbat kokagunetan ezarrita. Ordu biak aldera, txakurrak soltatu eta hasi zuten uxaldia Mendotz baserriren ingurutik aurrera eginez. Arratsaldeko bostak aldera amaitu zuten eta jakinarazi zutenez, atzoko ehizaldian bi basurde akabatu zituzten, "bata handiagoa eta bestea txikiagoa". Ehiztarien esanetan, ez zuten lortu "apoa", basurde arra, ustez emakumea erasotu zuena topatzerik.