Musika oinarri eta abiapuntu, literatura, argazkilaritza, kontzertu, ikastaro eta bestelako hitzorduz jantziko ditu Soraluze eta inguruko udalerriak Blues Hotsak Jaialdiaren VIII. edizioak. Aurten, azaroaren 16tik 22ra bitartean egingo dute festibala, eta datozen asteotan iragarriko dute egitarau osoa.
Edozelan ere, ekimenaren antolatzaile Errabal kultura elkarteak iragarri du nazioarteko, Estatuko zein Euskal Herriko musikari entzutetsuz osatutako karteldegia izango dela festibaleko eskaintza osatzen.
AEB, Britainia Handia…
Nazioartetik, adibidez, nabarmentzekoa da Britainia Handiko Dr. Feelgood talde mitikoak bisitatuko duela Soraluze. Pub rockaren eta rhythm-and-bluesaren aitzindari eztabaidaezina den 70eko hamarkadako taldeak kontzertua emango du Herriko Antzokian, azaroaren 2oan, barikua, 19:00etan.
Bestalde, bere ahots miresgarriarekin DeRobert abeslariak Nashvillen (Tennessee, AEB) jatorria duen soul musikan murgilduko ditu entzuleak The Half Truths taldearekin. Horiek zapatuan izango dira, 19:00etan.
Eta Ameriketako Estatu Batuetatik bertaratuko dira, baita ere, Barrence Whitfield and MFC Chicken taldea, musika beltzean eta garaje rockean duten 40 urteko eskarmentua partekatuz. Domekan, azaroaren 22an, 19:00etan izango dira Herriko Antzokian.
Estatu mailatik, berriz, Cadiztik bertaratuko da La Perra Blanco (Alba Blanco) bere boskotearekin; askoren ustez Espainiako zuzenekorik onena duen artista Soraluzen izango da Blues Hotsak Jaialdiaren eskutik.
Petti eta Galarraga irakurle klubean
Eta Euskal Herritik, Petti eta Ana Galarraga izango dira gonbidatu. Bikoteak Frankenstein agurgarria lana eramango du Euskarazko Irakurle Klubera azaroaren 16an. 19:00etan izango da Kalebarren 8ko lokalean.
Elgetan eta Eibarren
Osterantzean, musika-karteldegia osatuko dute Soraluzeren alboko bi herrietan, Elgetan eta Eibarren kontzertuak eskainiko dituzten Lagunak Sessions Catalunya Harmonica Summit proiektu kolektiboak, "Kataluniako eszenako onentxoena irudikatzen duten musikarien zati handi bat biltzen duen proiektua bat", azaldu dutenez -azaroaren 13an, Eibarren-; eta Dani Nel.Lo Organ Trio saxo-jole indartsuak -azaroaren 6an, Elgetan-.
Herriko Antzokian izango diren kontzertuotarako sarrerak dagoeneko salgai daude. Interneten daude eskuragarri, eta bihar arratsaldetik, eguena, Soraluzeko Iratxo goxo-dendan ere bai. Antolatzaileek esan dutenez, sorta polita gorde dute horrako eta Plazentziako jendeak ez du izango arazorik sarrerak erosteko.
Pintxoak, argazki rallya…
Bestalde, datozen asteotan aurkeztuko dute Blues Hotsak festibala osatuko duen egitarau osoa; azken urteotakoari jarraiki, musika kontzertuez aparte, askotariko jarduerak izango dira-eta, pintxo-dastatze bereziak, argazki-rallya, harmonika ikastaroa, Dolmenen Ibilbidera bisitan eta beste.