Blues Hotsak-en aurtengo edizioa berezia izan da. Aurten, lehen aldiz, herritik kanpo antolatu dituzte bi kontzertu, Elgetan eta Eibarren eta asteburu nagusiko emanaldiek aurreko edizioetan baino askozaz jende gehiago erakarri dute herrira. Kontzertu guztietan izan da jende asko baina bereziki jendetsua izan da azken egunean, domeka eguerdian, Plaza Zaharrean egindako kontzertu gastronomikoa, bostehun pertsona inguru batu zituen-eta.
Gaztelupeko Hotsak disketxeko ordezkari den Ubane Uzinen ustez, "jaialdiak koxka bat egin du gora". "Batetik, jaialdia inguruko beste herri batzuetara zabaldu dugu eta ikusi dugu aukera dagoela egitaraua beste espazio batzuetara zabaltzeko eta hori aprobetxatu beharra dagoela". Horrekin batera, aurten jaialdiak erakarri duen musikazale kopurua azpimarratu du: "Aurten musikazale azko etorri da herrira. Jendea etorri da gure bailarako eta inguruko bailaretako herrietatik, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Nafarroako beste herri batzuetatik, eta baita Valentziatik eta Burgostik ere, besteak beste. Gainera, kanpotik etorritako musikazale asko asteburu-pasa etorri dira. Batzuek furgonetetan lo egin dute eta beste askok inguruko herrietako hoteletan eta landetxeetan hartu dute ostatu. Jakin dugu ostatu asko bete egin direla". Horregatik guztiagatik, Uzinek eta Joxe Felix Azkarate Xarrak sumatu dute "jaialdiak leku bat egin duela Estatuko zirkuituan".
Arrakastaren zergatiaz galdetuta, "maila handiko taldeak" ekartzeko egin duten apustua, egitarau "eklektikoa" eta eragileekiko nabarmendu dituzte. "Blues Hotsak ez da blues jaialdi arrunt bat, taldeen aukeraketa berezia da eta elkarlan handia dago bertako eragileekin. Horregatik funtzionatu du horren ondo", ohartarazi du Xarrak.
Aurtengo edizioak izan duen arrakasta ikusita, etorkizunari begira proiektuari "buelta bat" emateko intentzioa adierazi dute.
BARRENAk kanal berezian jaso ditu aurtengo edizioko hainbat kontzerturen kronikak, bideoz hornituta. Blues Jaialdiaren webgunean kontzertuetako argazkiak daude ikusgai.