Gizonezkoen taldea porrot mingarria jasotzetik zetorren, Anaitasunaren aurka 6-0 galdu baitzuten Azkoitian. Futbolean golak dira porrotak ahazteko modurik azkarrena, eta elgoibartarrek lau sartu zizkioten Oriokori. Mintxetan jokatu dituzten azken bi partidetan hamar gol sartu ditu Haundik, sei Amaikak Bati eta lau Oriokori. Orioarren aurkako lehian Eñaut Igartua Santaren nabarmendu zen, berak sartu baitzituen etxekoen lehen hiru golak, denak bigarren zatian. Igartuak hamabi gol egin ditu denboraldi honetan. Etxekoen azken gola partidaren ondarrean ailegatu zen, 89. minutuan sartu baitzuen laugarrena Youssef Berrabhi Athmanek. Jokoan zeuden hiru puntuak batu eta gero, sailkapeneko laugarren postuan dago C.D. Elgoibarko taldea, 42 punturekin (ikus sailkapena).
Gaur, Mutrikun
Gizonezkoen Haundi taldeak gaur jokatuko du ligako partida Mutrikuren aurka, 20:30etik aurrera Mutrikuko San Migel futbol zelaian. Mutrikuarrak azken aurreko postuan sailkatuta daude, 20 punturekin.
Bigarren eta hirugarren sailkatuen arteko lehia
Maila igoera lortzeko borrokan sendo jarraitzen du emakumezkoen Haundi taldeak. Azken jardunaldian 2-0 irabazi zioten Debagoiena Bailara taldeari Mintxetan. Naroa Lopez Saboridok sartu zituen bi golak; 63. minutuan lehena eta 77. minutuan bigarrena. Sailkapeneko lehen hiru postuetan dauden taldeek lortu zituzten garaipenak, eta honenbestez ez da aldaketarik izan. Bergarak jarraitzen du Ohorezko Erregional Mailako sailkapen buru, 51 punturekin, Haundik 49 puntu ditu eta 46 puntu hirugarren postuan dagoen Intxaurdik. Hain zuzen, bigarren eta hirugarren sailkatuen arteko partida jokatuko dute Intxaurdik eta Haundik asteburuan. Donostiako Cesar Benito Udal Futbol Zelaian jokatuko dute erabakigarria izan daitekeen neurketa hori, domekan, 17:30etik aurrera.
Zortzi jardunaldi falta dira liga amaitzeko. Lehenengo sailkatua zuzenean igoko da Euskal Ligara, eta bigarrenak Bizkaiko eta Arabako bigarrenen aurka jokatuko du, igoera eskuratzeko jokoan izango den beste txartelaren bila.
*Bideoan Haundi taldeek asteburuan Mintxetan sartutako sei golak ikus ditzakezue CD Elgoibarrek lagatako irudietan.
C.D. Elgoibarko talde guztien emaitzak eta partiden egutegia, HEMEN