Paula Calvok urrezko lau domina irabazi ditu Euskal Herriko Igeriketa Txapelketan

Asier Orbea Ostolaza 2026ko uztailaren 7a

Junior eta senior mailako Euskal Herriko Igeriketa Txapelketa jokatu zuten, asteburuan, Gasteizko Mendizorrotza igerilekuan. Paula Calvo Villalobosek (Elgoibar, 2009) hiru proba irabazi zituen senior mailan eta beste bat juniorretan; urrezko lau domina guztira.

Igerilari elgoibartarra azkarrena izan zen 100 metro libreetako lasterketan eta bizkar estiloko 50 metrokoan zein 200 metrokoan. Horiek senior mailan. Laugarren urrezko domina tximeleta estiloko 50 metroko proban eskuratu zuen, junior mailan baina; seniorretan hirugarren denborarik onena lortuta.

  • 100 metro libretako lasterketan hamahiru ehuneko aldeagatik lortu zuen garaipena, 58 segundo eta 37 ehuneko denbora eginda. Maider Redin Pagaldai (58.50) sailkatu zen bigarren postuan, eta Carmen Pera Villalan hirugarrengoan (59.78).
  • Bizkar estiloko esprintean ere, 50 metroko proban, estua izan zen lehia. Calvok 30 segundo eta 22 ehunekoan osatu zuen proba, bigarren postua eskuratu zuen Ekine Mondejar Moyak baino 8 ehuneko gutxiagoan, alegia. Hirugarren postua Maider Pagaldai Redinentzat izan zen (30.48).
  • Hirugarren urrezko domina bizkar estiloko 200 metroko proban lortu zuen igerilari elgoibartarrak (02:24.23). Ia segundo bateko aldea atera zion bigarren egin zuen Iris Lizarduy Castillori (02.25.18). Ekine Mondejar Moya igo zen podiumeko hirugarren koskara (02:25.68)
  • Tximeleta estiloko 50 metroko lasterketan Ekine Mondejar gailendu zen (27.70), Udane Ayestana sailkatu zen bigarren postuan (29.53) eta Paula Calvo hirugarrengoan (29.54). Calvo izan zen azkarrena junior mailako igerilarien artean, eta txapelketako laugarren urrezko domina lortu zuen

Paula Calvok errelebotako proba batean ere hartu zuen parte Eibar Igerixan taldekoekin, eta laugarren postuan sailkatu zen laukotea, 4 x 100 metroko proban.

Espainiako Txapelketa, uztail bukaeran

Paula Calvo denboraldi aparta egiten ari da. Ekainaren bukaeran ere urrezko lau domina irabazi zituen Gipuzkoako Igeriketa Txapelketan. Aurreko asteburuan, berriz, senior mailako Espainiako Igeriketa Txapelketan lehiatu zen, Palma de Mallorcan. 

Paularen denboraldiko helburu nagusia, baina, junior mailako Espainiako Txapelketan lehiatzea da, bere adinekoekin, alegia. Kataluniako Sabadell hiriak hartuko du junior mailako Espainiako txapelketa hori, uztailaren 23tik 26ra bitartean.