Paula Calvo txapeldunorde Getaria-Zarautz itsas zeharkaldian

Asier Orbea Ostolaza 2026ko uztailaren 20a

Paula Calvo helmugara iristen. Arg: Guka.

Igerilekuan bezain ondo moldatzen da itsasoan Paula Calvo Villalobos igerilaria, lortu dituen azken emaitzei erreparatuz gero. 

Igerilekuan Gipuzkoakoako eta Euskadiko txapeldun izan ostean, aurreko asteburuan Ondarroako 39. Itsas Zeharkaldia irabazi zuen Paula Calvok (Eibar Igerixan); eta atzo txapeldunorde geratu zen Getaria-Zarautz itsas zeharkaldiaren 54. edizioan. Euskal Herriko ur irekietako zeharkaldirik entzutetsuena da Getaria eta Zarautz artekoa, eta horren adierazle da parte hartzeko dortsal guztiak inoiz baino lehenago agortu zirela. 3.500 igerilari inguruk hartu zuten parte, horietatik 1.200 emakumeak.

Lehiari dagokionez, Santiago Aviles Zhuravlev koruñarra eta Claudia Giralt Pidemont bartzelonarra gailendu ziren. Emakumezkoetan, Giraltek 36 minutu eta 54 segundoan osatu zuen 2.800 metroko distantzia. Paula Calvo gazte elgoibartarra izan zen Zarauzko hondartzako itsasertzera iristen bigarrena, irabazlearengandik bi minutu eta zortzi segundora, 38:57ko denborarekin. Maite Garcia Garay igerilari bilbotarra sailkatu zen hirugarren postuan (39:02).
Gizonezkoetan parekotasun handia egon zen lehen sailkatuen artean: 34 minutu eta 58 segundoko denborarekin gailendu zen Santiago Aviles galiziarra, Martin Gomez Sanz madrildarrari sei segundoko aldea aterata eta zazpi segunduko aldea Unai Arruabarrena Mayor hondarbitarrari, sailkapeneko lehen euskaldunari. (sailkapenak -PDF-)

Proba jokatu aurrekoan marmokekin kezkatuta zeuden antolatzaileak eta igerilariak, bezperan jokatu zuten Zarautz-Mollarri-Zarautz 5.000 metroko proban igerilari ugari atera behar izan baitzituzten uretatik, markoken ziztadengatik. Domekan, baina, ez zen arazorik egon marmokekin.

Probaren laburpen-bideoa: zarautzguka.eus

Espainiako txapelketa, asteburuan

Azken bi asteetan itsasoko probetan lehiatu ostean, igerilekuetara itzuliko da Paula Calvo hurrengo asteburuan, junior mailako Espainiako Txapelketan lehiatuko baita Sabadellen. Senior mailako Espainiako lehiaketan ere lehiatu zen orain aste batzuk Palma de Mallorcan, baina oraingo hau du denboraldiko helburu nagusitzat. 

Emakumezkoen podiuma: Maite Garcia, Claudia Giralt eta Paula Calvo. Guka Zarautz.

3.500 igerilarik hartu zuten parte Getaria-Zarautz itsas zeharkaldian. Guka.

Claudia Giralt izan zen azkarrena emakumezkoetan. Guka

Santiago Aviles garaipena ospatzen. Guka.