39 lagunek hartu dute parte Lizagasar Erronkaren laugarren edizioan, eta horietatik zazpi izan dira gaurkoan emakumezkoak. 11:00etan ekin diote probari Lizagasar sagartokiko sarreran, eta sagastira abiatu dira korrikalariak. Sagastiari kanpoko aldetik itzulia eman diote lehenik, eta gero, 60 sagastitan zehar gora eta behera aritu dira korrika. Hango lanak amaitu ostean, sagartokiko sarreran izan dute helmuga.
Iñaki Goenaga izan da guztietan azkarrena, eta proba irabazteaz gain, errekor berria ezarri du saltakari plaentxiarrak, 50:32 denbora eginez. Goenagak erronkaren lehenengo edizioa ere irabazi zuen, eta ondorengo bietan Iñigo Lariz izan da txapelduna. Gaurkoan, ordea, bigarren egin du korrikalari elgoibartarrak 54:52 denborarekin. Hirugarrena, Julen Dobarro izan da 56:34 denbora eginda.
Emakumezkoetan, iaz bezala, Pilar Arriola elgoibartarra izan da helmugaratzen lehenengoa 1:14:32 denborarekin, eta haren ahizpa Agurtzanek egin du bigarren, 1:22:18ko denborarekin. Hirugarren lekuan Elena Rodriguez geratu da, 1:24:10 denbora eginda.
Urtero bezala, hainbat sari berezi ere banatu dituzte: Aurpegi onenaren saria Camilo Lopezek jaso du, eta lasterketako azkenak jaso ohi duen kalabaza Mikel Jose Egizabal gaztearentzat izan da, izan ere, lasterketako azken sailkatua izateaz gain, gazteena ere izan baita. 13 urte ditu, eta 1:54:24 denbora eginez amaitu du proba.
UMEEN LASTERKETAK
Nagusiak sagastian barrena korrika ibili diren bitartean, umeen lasterketak egin dituzte sagartoki sarrera inguruan, eta ekimen horrek ere errekor guztiak hautsi ditu gaurkoan, 60 umek hartu baitute parte. Adinka banatu dituzte lasterketak, eta bakoitzak bere neurrira egokitutako ibilbidean egin du saltaka. Amaieran guztien izan dute oparitxo bana.
Sari banaketaren ostean Lizagasarreko barazkiz osatutako orgatila zozkatu dute, eta Ane Izeta izan da irabazlea (beheko irudian, saria jasotzen).


