Mutrikuko Burumendi Espeleologia Taldekoek Ormolako lehoiaren inguruan osatu duten bideoa

Ainara Argoitia Arano

Mutrikuko Burumendi Espeleologia Taldekoek aurkitu zuten lehoiaren hezurdura 2023an, Ormola Bide Ondoko Leizean galeria berri bat miatzen ari zirela, eta haiek aurkikuntzaren berri emateko sortu duten bideoaren laburpena duzue hau. 

Ormola Bide Ondoko Leizeko indusketa-lanek 2023ko abenduaren 2tik martxoaren 10era arte iraun zuten, eta guztira, hamar aldiz sartu ziren kobazuloan indusketa-lanak egin eta aztarnak atera ahal izateko bakarrik. Aurretik, baina, beste hamalau alditan sartu ziren kobazulora, miaketa-lanak, balorazio arkeologiko-paleontologikoa eta fotogrametria egiteko. Guztira, hemezortzi lagunek parte hartu zuten aurkikuntzan: Asier Gomez Olivencia eta Monica Villalba de Alvarado paleontologoek, Jexux Tapia arkeologoak, Euken Alonso fotometrian adituak eta espeleologoek: Burumendi Espeleologia Taldekoek eta Bittor Abendañok eta Pedro Intxaurragak. Eta hain justu, zientzialariek azken horiek, espeleologoek, egindako lana goraipatu dute, haiek emandako jarraibideei eta prestakuntzari esker sartu ahal izan zirelako lehoiaren eskeletoa topatu zuten lekuraino eta atera ahal izan zituztelako aztarnak bertatik.