Elkarrizketa

Burumendi Espeleologia Taldea: "Egin duguna baino gehiago da zelako talde-giroan egin dugun"

Ainara Argoitia Arano

Nerea Arrizabalaga eta Joseba Aramaio, Burumendi Espeleologia Taldekoak beren lokalean.

Sokak, zakuak, kaskoak, buruko argiak... dena txukun-txukun esekita dute Burumendi Espeleologia Taldekoek lokalean. 2018an sortu zuten taldea, izen bereko mendi elkartearen aterkipean, eta beren lokalean hartu gaituzte Nerea Arrizabalagak eta Joseba Aramaiok. "Pozarren" daude: batetik, horrenbeste denboran isilean gorde dutena kontatu ahal izan dutelako; eta, bestetik, aurkikuntzak espeleologiak zientziarekin duen lotura aldarrikatzeko balio izan duelako. "Aurkezpenean ere esan nuen: gu ez gara zuloetara kaloriak erretzera sartzen. Gu zientziaren zerbitzura ari gara", esan du Joseba Aramaiok.

Hasierako balorazio zientifikoa egitean, nahiz gero, fosilak dokumentatzeko, induskatzeko eta berreskuratzeko prozesuan erakutsi duten profesionaltasuna aitortu diete Burumendi Espeleologia Taldekoei, publikoki, paleontologoek eta arkeologoek, eta eskertu egin diete izan duten diskrezioa. Hemezortzi bat kide dira taldean, eta, modu batera edo bestera, denek parte hartu dute aurkikuntza horretan.

Burumendi Espeleologia Taldekoak

Nola iritsi zineten lehoiarengana?

N.A.: Arnoko katalogoan 160 koba eta leizetik gora dauzkagu identifikatuta, tartean hau, eta horietako batzuk berriro esploratu nahi genituen, gaur egungo begiradarekin. Ormola Bide Ondoko Leizea zen horietako bat, taldekide batzuek ezaguna zutena, baina beste batzuek ez. Itzuli egin ginen hara, eta, esploraziorako instalazioa prestatzen ari ginela, sabai freatiko bat topatu genuen, bidea eman ziguna pentsatzeko kobazuloa luzeagoa izan zitekeela. Bigarrengoz joan ginenean topatu genituen hezurrak; Foru Aldundiari eta Aranzadiri jakinarazi genien, eta Asier Gomez EHUko paleontologoarekin harremanetan jarri ginen. Aldi hartan, hezurdura guztia balizatu egin genuen, arriskuan ez jartzeko, eta kobazuloa esploratzen jarraitu genuen, hasieratik garbi ikusi genuelako beste sarrera bat izango zuela garairen baten, gaur egun lohiz betea dagoena. Behin esplorazioa amaituta –kanpotik nahiz barrutik–, eta paleontologoekin eta arkeologoekin lankidetza estuan, buru-belarri heldu genion fosil horiek dokumentatzeko, induskatzeko eta berreskuratzeko prozesuari. Kobazuloaren ezaugarriak direla-eta ez zen lan erraza izan. Izan ere, eskeletoa 2x1 metro pasatxoko eremu irregular batean sakabanatuta zegoen, galeria estu eta aldapatsuan. Lanerako leku hotza eta konplikatua zen, eta egun batzuetan bederatziz orduz ere jardun genuen han lanean. 

J.A.: Lehoia mantendu den moduan mantentzeko arrazoietako bat hori da: ez dela kobazulora sartzen erraza. Baina hori gaur, duela 31.000 urte nolakoa zen jakitea zaila da eta. Hirugarren solairuan, esaterako, erreka handi baten arrastoak daude. Pentsa! 

Nolakoa da kobazuloa bera?

N.A.: Arnon dago, Ormolako parajean, eta, izatez, ezaguna da. Sarrera estuko kobazuloa da, eta, sartzeaz batera, 7-8 metroko jauzia dauka, gero galeria horizontal ikusgarri baten zabaltzen dena. Bi arrakaletan behera eginda iristen da bigarren solairura, bi aldetara zabaltzen den beste galeria batera. Alde baten 30 metroko jauzi bat dago, bolaua esaten dioguna, pareta ukitu gabe jaitsi behar delako, eta, handik, hamabost bat metro eskalatuta, katua topatu genuen lekura iristen da.

Zer sentitu zenuten hezur haiek guztiak ikusi zenituztenean?

N.A.: Talde handia ginen; batzuk, leizea miatzera joandakoak; beste batzuk, kobazuloetan gerta daitezkeen istripuetan zaurituak ebakuatzeko erabiltzen diren erreskate-tekniketan trebatzera joandakoak. Hezur haiek guztiak zer ziren ez genekien, baina, hasieratik, gauza handia izango zen itxura hartu genion hari. Baraila eta haginak garbi ikusten ziren, eta Arrikrutzeko lehoiarenak ere ikusiak genituen.

J.A.: Handik gutxira, bilera egin genuen, eta erabateko diskrezioz jokatzeko konpromisoa hartu genuen. Erabaki genuen ez genuela ohikoak ditugun kronikarik idatziko, ezta hezurren argazkirik zabalduko ere webgunean, eta ez genuela Whatsappez ezer esango. Adostu genuen gure artean ere Arnoko katua deituko geniola hari, eta ez lehoia, arretarik ez emateko. Hain zen ederra dena, ezen katua agertu zen galeriari gure taldekide biren alaba jaioberriaren izena eman diogun: Enara.

Nola atera zenituzten fosilak?

J.A.: Paleontologoek gidatu gintuzten, eta erreskate-teknikak baliatuta atera genituen, tirolinak, kontrapisuak... erabilita. Guk jaitsi eta igotzeko erabiltzen genuen sokaren paraleloan beste instalazio bat muntatu genuen, material hori guztia paretak ukitu gabe atera ahal izateko. Izugarrizko lana izan zen. Kobazulo barruan pilatzen genuen materiala, eta, hiruzpalau petate osatutakoan, zortzi-hamar lagun aritzen ginen haiek ateratzen. Guztira, hemezortzi bat lagun. Burumendiko guztiak eta gure lagun Bittor Abendaño eta Pedro Intxaurraga. Suhiltzailea da Bittor, eta argazkilari bikaina [Aramaio bera da argazkilari lanak egin dituen bestea], eta behar genuen halako bat. Pedro, berriz, esperientzia handiko espeleologoa da, eta laguntza eskatu genion instalazio hura muntatzeko. Taldean aritu gara, eta asko ikasi dugu. Eta egin ditugun sarrera guztietan istripu txikirik ere ez dugu izan. Eta hori, sinetsi iezadazu, ez da zorte kontua.

Zer ikasi duzue?

N.A.: Paleontologia zer den. Asier Gomezen aginduetara jardun dugu, 2023ko maiatzean Euken Alonsok lehoi-aztarnen kokapen espaziala dokumentatzeko fotogrametria egin zuenetik. Hark gidatu gaitu une oro, eta hark esandako moduan dokumentatu dugu dena, atera aurretik. Asko ikasi dugu. Han aritzen zen Asier, mimo eta kontu handiarekin hezurtxoak libratzen, eta gu, zain, begira, hark prestatutako fitxak bete eta jasotzeko, kate-lanean. Eta aurkezpenean hezur haiek guztiak elkarren ondoan jarrita eta irudia osatuta ikusi dugunean sentitu duguna ezin da hitzez adierazi. Hantxe zegoen gure katua, geure-geurea sentitu duguna urte hauetan guztietan. 

J.A.: Gogoratzen naiz humeroa garbitu eta Asierrek hura jasotzeko eskatu zigunean ez ginela ausartzen hezurra eskuan hartzen, bi zatitan egingo zitzaigun beldurrez. Tentsio horrekin jardun genuen lanean. Nolanahi ere, egin duguna baino gehiago da nolako talde-giroan egin dugun. Asko aberastu eta indartu du horrek gure taldea.