Soraluzeko Baso Biziak Elkartea izan zen eskualdeko lehena; Eibarko Baso Biziak Taldeak segituan hartu zuen lekukoa, eta Elgoibarren ere sortu zuten Elgoibarko Baso Biziak Elkartea, orain dela lau urte. Bertako basoen "egoera kritikoaz" eta "tamalgarriaz" jabetuta eta etorkizunarekiko kezkak bultzatuta erabaki zuten zerbait egiten hastea.
Monolaborantza: pinua
Urte luzez, pinua izan da inguruko mendietan zuhaitz mota ia bakarra. 50eko eta 70eko hamarkadetan sartu zuten masiboki, hazkunde erraza zuela-eta etekin ekonomikoa eskuratzeko.
Soraluzeko Baso Biziak Elkarteko Antton Alberdik gogora ekarri duenez, 2000. urtean Soraluzeko paisaiaren azaleraren %80 radiata pinua zen. Eta antzera inguru osoan, harik eta 2018an mugagabe hedatzen hasi zen banda marroiak pinuak gaixotu eta haien esplotazioa galarazi zuen arte.
"Ongizaterako ezinbestekoak"
Pinuen faltan, leku askotan, bereziki, Bizkaian, eukaliptoa landatzen hasi ziren. Hura ere, masiboki.
Orduantxe hasi ziren bertako basoa bultzatu nahi zuten elkarteak sortzen; besteak beste, Debabarrenean. "Basoak ez dira egur-ekoizpenerako azalera hutsak. Urte askoan, gure mendien kudeaketa ia erabat ekoizpenaren ikuspegitik egin da. Ez dugu ekoizpen-jarduera baztertzen, baina uste dugu basoek beste funtzio asko dituztela: biodibertsitatea, ura, lurzorua, klima eta gure bizi-kalitatea. Baso naturalak ez dira luxu bat; gure ongizaterako ezinbestekoak dira", esplikatu du Eibarko Baso Biziak Elkarteko Mikel Jauregik.
Ekosistema osoan eragina
Hark dioenarekin bat eginez, baso naturalen garrantzia azpimarratu du Elgoibarko elkarteko Jon Lizarraldek. "Zuhaitz eta zuhaixka espezie desberdinak izateak basoaren egitura eta aniztasuna handitzen ditu, eta horrek eragina du bertan bizi diren animaliengan eta landareengan. Faunari dagokionez, espezie bakoitzak elikagai eta babesleku desberdinak eskaintzen ditu. Zuhaitzen fruituak, haziak, loreak eta hostoak hainbat animaliaren elikagai dira. Bestalde, hainbat zuhaitz eta zuhaixkak habiak egiteko, ezkutatzeko edo bizi izateko leku gehiago eskaintzen dituzte. Horrek, pixkanaka, animalia-espezie gehiagorentzat habitat egokiak sortzen laguntzen du, hala nola hegaztientzat, intsektuentzat eta ugaztun txikientzat. Florari dagokionez ere aldaketak gertatzen dira; zuhaitz-espezieen aniztasunak eta basoaren egiturak askotariko baldintzak sortzen dituzte lurzoruan, argitasunean eta hezetasunean. Horren ondorioz, baso barruko landare, goroldio eta iratze espezieak garatzeko aukera sortzen da. Azken finean, ez da zuhaitzak aldatzea soilik; ekosistema oso bat berreskuratzea da helburua".
Horri guztiari beste onura esanguratsu batzuk ere gehitu dizkiote hirurek; Alberdik laburbildu ditu: "Ura gorde eta babesten dute, lurra erosiotik babesten dute, aisialdirako guneak dira, beroaren babesleku eta klima erregulatzaileak dira, egurra eta onddoak ematen dizkigute… Asko dira onurak, egur merkeaz harago".
Ekimen zibil eta komunitarioa
Sei urteotan, Eibarren, Elgoibarren eta Soraluzen, 160 hektarea baino gehiago birpopulatu edo babestu dituzte. Jauregik esan du hektarea horiek guztiak ez direla landatuak izan: "Batzuk baso naturalak dira, beste batzuk lehengoratzen ari dira eta beste batzuetan naturari bere kabuz berreskuratzen uzten diogu".
Halaber, landaketak egiteko zein basoak babesteko, lurrak erosi ere egin dituzte, edo, bestela, lur-jabeekin hitzarmenak adostu. "Zaintza-akordioak lur-jabeekin sinatzen dira; landaketak egiten dira, ugazabarentzat kostu ekonomikorik eragin gabe, eta, trukean, zenbait urtetan sail horretan esku hartzerik egingo ez duen konpromisoa hartzen du. Lurren erosketak elkarteko bazkideen diruarekin egiten ditugu eta etorkizunean herri lurrak izango dira. Gurea ekimen zibila eta komunitarioa da, eta erabiltzen den diru guztia herriari bueltatuko zaio, herri-lur moduan", azaldu du Soraluzeko Alberdik.
"Lursailak erosteak aukera ematen digu erabakiak gure kabuz hartzeko eta basoa berreskuratzeko lanak epe luzera planteatzeko, beste interes batzuen menpe egon gabe. Gainera, guretzat garrantzitsua da lur horiek herriaren eta naturaren zerbitzura jartzea. Ez dugu basoa soilik landatu nahi; lur horien erabilera eta etorkizuna naturaren kontserbazioari lotuta egotea nahi dugu", gaineratu du Lizarralde elgoibartarrak.
"Esango nuke gure proiektuaren alderdirik estrategikoenetako bat dela. Zuhaitzak landatzea garrantzitsua da, baina lurra babesteak bermatzen du basoaren etorkizuna", borobildu du Mikel Jauregi eibartarrak.
Aldaketa, bistakoa
Natura esker onekoa da, eta, apenas sei urte pasatu badira ere, inguruko mendietan udazken koloreak ere badira.
Baina, Jauregik dioenez, aldaketa sakonagoa da: "Aldaketa ez da paisaian bakarrik ikusten; basoa osatzen duten bizidunen arteko harremanak berreskuratzen ari dira".
Epe luzeko lana dela ere azpimarratu dute: "Espezie aloktonoz osatutako lursailak ziren lekuetan, bertako zuhaitz eta zuhaixkak hazten ari dira. Zuhaitzak hazten eta basoa egituratzen doan heinean, paisaia ere aldatzen doa. Hala ere, baso bat berreskuratzea epe luzerako lana da. Urte asko beharko dira baso heldu bat izateko, baina dagoeneko ikusten ari gara egindako lanaren emaitzak. Horrek aurrera jarraitzeko indarra ematen digu", dio Lizarraldek.
Ildo beretik jo du Alberdik: "Oso garrantzitsua da baso helduak edukitzea, zuhaitz zaharrak; horiek dira espezie askoren gordeleku eta kume-leku. Hortxe dago eginbeharra. Denbora behar da ganorazko baso bat garatu dadin; gutxienez, 80 urte".
Gauza bera dio Jauregik ere: "Helburua ez da mendiak zuhaitzez betetzea. Helburua da berriro basoak izatea. Gaur egiten ari garena ez dugu guk bakarrik gozatuko; ondorengoek jasoko dute".
Bilakaera horretan, lur-jabeei ere egin die aitortza Alberdik: "Joera aldatzeko pizgarri bat izan gara, eta mendian ere lan asko egin dugu lurrak erosten eta zuhaitzak landatzen. Baina, batez ere, bertako basoaren bilakaera positiboa izatearen eragile nagusia da bertako basoaren eta bioaniztasunaren alde jarduteko lur-jabeek hartu duten erabakia".