Urtarrilean itxi zuten behin betirako Merkatu Plaza, anbulatorio berria izango dena eraiki ahal izateko. Lehenengo lana, lurrazpian dagoen transformadore elektrikoa lekuz aldatzea izan da. Hain zuzen ere, Merkatu Plaza azpitik, San Frantzisko iturri azpira eramango dute.
Obrak hasi eta berehala hasi ziren lur azpiko sekretuak azaleratzen: San Frantzisko iturri azpian garai bateko komunak izandakoen arrastoak azaldu ziren lehenengo, eta orain, garai bateko gasolio-depositua bistaratu da Merkatu Plaza azpian. 70eko hamarkadan eraiki zuten anbulatorioko berogailu-sistema elikatzen zuen depositua da. Hodi batzuk zituen Merkatu Plaza aldera, eta kontu handiz aritu behar izan dute langileek. Hainbat egunez egon da objektua Kultur Etxearen atzeko aldapan, eta herritarren interesa piztu du.
