Auzolanerako deia egin dute Lizagasarren hezegune bat sortzeko

Asier Orbea Ostolaza 2026ko maiatzaren 7a

Herritarrak hezegunea sortzeko lanetan Sargoaten, 2019an. BARREN

Sargoateko iturriaren ondoan anfibioentzako hezegune edo putzu txiki bat sortu zuten orain urte batzuk, auzolanean. Orain, gauza bera egin nahi dute Lizagasarren, Gure Natura Ezagutzen egitasmoaren baitan.

Morkaiko Mendizale Taldearen eta Aranzadiren ekimenez, 2019an, Sargoaten eraiki zuten urmaelaren antzerakoa sortu nahi dute Lizagasar Sagartokiko lurretan. Auzolanean egin nahi dute, eta izena ematera animatu dituzte herritarrak, ume zein heldu. (izena emateko formularioa)
Maiatzaren 17an, domeka, izango da. Izena emandako lagunak Erretsundin elkartuko dira 09:30ean, eta handik oinez abiatuko dira Lizagasarrerantz. Autoz joaten direnak 10:00etarako egon beharko dira Lizagasarren. 

Egingo dituzten lanen artean, honakoak nabarmendu dituzte: "Hezegune txiki bat sortzeko lanak egingo ditugu eta anfibioentzako gotorlekuak jarriko ditugu. Anfibioen inguruko datu esanguratsuak eta zenbait bitxikeria ikasteko aukera ere izango dute partaideek, lan taldeak proposaturiko dinamiken bitartez". 

Gure Natura Ezagutzen

Inguruko natura ezagutzera emateko ahaleginean, laugarren urtez batu dituzte indarrak Morkaiko Mendizale Elkarteak, Elgoibarko Izarraren Atxutxiamaika aisialdi sailak eta Elgoibarko Baso Biziak elkarteak. Aurtengo Gure Natura Ezagutzen egitasmorako zazpi jarduera antolatu dituzte, martxotik azarora bitartean egiteko.