Anfibioentzako hezegunea sortu dute auzolanean Lizagasarren

Asier Orbea Ostolaza 2026ko maiatzaren 21a

Urmael bat auzolanean eraikitzeko deia egin zuten Gure Natura Ezagutzen egitasmoko sustatzaileek, eta 50 bat lagunek egin zuten bat lanerako deiarekin.

Jakinarazi dutenez, "auzolan goiz bikaina" igaro zuten domekan. "Haur, gazte, zein heldu, primeran aritu ziren lanean, anfibioentzako hezeguneak eta gordelekuak sortzen". Bertoko anfibio espezien gaineko azalpenak ere jaso zituzten Karakate magalean lanean aritu zirenek, horixe baita egitasmo honen helburuetako bat, tokiko natura ezagutzea eta ezagutzera ematea.

2019an, Sargoaten eraiki zuten urmaelaren antzerakoa sortu nahi dute Lizagasar Sagartokiko lurretan. Lehen pausoa eman dute, baina orain naturari dagokio domekan egin zuten lanari jarraipena ematea. Egin zuten zuloan ura nola iragazten den gainbegiratuko dute hurrengo asteetan eta hilabeteetan, eta ikusitakoaren arabera erabakiko dute gero nola eskuartu, izan ere, era naturalean iragazgaiztea gustatuko litzaieke, baina hala ez bada beste irtenbide batzuk topatu beharko dituzte, plastiko bat erabiltzea, esaterako. 

Irudiak: Gure Natura Ezagutzen