Emakumezkoen Haundi talderako fitxaketei dagokionez, taldera batu diren bi jokalariren berri eman du CD Elgoibarrek. Izaro Iriondo da bat, aurrez ere taldean aritutako jokalaria. Leire Esposito elgoibartarra da bigarren fitxaketa.
Gizonezkoen Haundi talderako, berriz, bost dira oraingoz aurkeztu dituzten aurpegi berriak. Andrey Medvid elgoibartarra da horietako bat, Lagun Onak taldean ibili ostean etxera bueltatu den jokalaria. Ander Arregi mendaroarra ere batu da Ander Treviño entrenatzaile eibartarrak gidatuko duen proiektu berrira. Beasain taldetik datorren Nauzet Cubas atezain gasteiztarrak beteko du Carlos Didier Mosquerak lagatako hutsunea. Salaheddin Chajrane Bahassou ere batu da taldera, Eibarko Urki taldetik hain justu. Chajrane atletismoan ere aritzen da Club Deportivo Eibar Atletismo Taldean. Azkenik, Iker Iglesias errezildarra da oraingoz aurkeztu duten azken jokalaria.
Ibon Makazaga, Lagun Onakera
Batzuk etorri diren moduan, joan ere egin dira jokalariak CD Elgoibartik. Ibon Makazaga da aipagarrienetarikoa. Maila handian aritu da azken denboraldietan -2021etik dihardu lehen taldean- eta Azpeitiko Lagun Onak taldeak fitxatu du, Hirugarren Mailan lehiatzeko.
Futbol Eskolarako izen ematea, zabalik
2016 eta 2018 urte bitartean jaiotako neska-mutilek eman dezakete izena CD Elgoibarren Futbol Eskolan. Izen-ematea online egin behar da, eta Futbol Eskolan hasten direnek egin beharko dute; lehendik dabiltzanek jarraitzeko asmoa dutela jakinarazi beharko dute, horiek ere online bidez. Uztailaren 12a da izena eman ahal izateko azken eguna.
Izena ematerakoan 40 euroko transferentzia egin beharko dute interesatuek. Deskontuak edukiko dituzte DBE laguntzak jasotzen dituztenek eta familia ugariek.
Informazio osoagoa 634 020 555 telefono zenbakira deituta edo cdekirolarloa@gmail.com helbidera idatzita.

