Festarako, adinik ez

Asier Orbea Ostolaza 2026ko abuztuaren 27a

Umeei eta adinekoei eskainitakoa da San Bartolome jaietako hirugarren festa eguna. Hortaz, herriko gazteenek eta zaharrenek hartu dituzte herriko festaguneak. 

Adin guztietarako ikuskizun eta jarduera eskaintza izan dute aukeran, eta bat ere egin dute umeek eta zaharrek, elkarlanean eman baitute sokamuturra osteko hamaiketakoa, Lekueder parkean. Eguerdi partean eliza inguruan ere bat egin dute umeek eta adinekoek, edo euren bideak gurutzatu bederen.. 

Bazkari jendetsuak

Mezetatik irten dira adinekoak, eta horietako asko kalejiran joan dira jubilatuentzako bazkarira, kiroldegira. Eibarko Ustekabe txarangak gidatuta egin dute bidea. Kiroldegiko kantxan 300 bat lagun elkartu dira. Cafe Irlandes musika taldeak girotu du bazkalosteko dantzaldia (Ikus ondorengo bideoan).

Umeek, berriz, elizako arkupeetan bazkaldu dute. 240 neska-mutil batu dira Umeen Eguneko bazkarian. Etxetik eramandako ogitartekoak edo janariz betetako ontziak jan dituzte elkarrekin, festa giroan. Ura eta postea bertan eman dizkiete. Atzo jaso zituzten jaietako kamisetak soinean zituztela ibili dira neska-mutilak. Bazkalostean apar festaz gozatzeko aukera izan dute Kalegoern plazan, eta horren ondoren erraldoi, buruhandi eta zezenzikleten kalejiran parte hartzeko aukera ere eduki dute zaleek. Aipaturikoez gainera, ume eta nerabeentzako parkea egon da Aita Agirre plazan, goizez eta arratsaldez.

  • Elgoibarko San Bartolome jaien inguruko eduki guztiak eta egitaraua HEMEN