ETSk eman duen kontzertuarekin energiaz gainezka bukatu dira sanbartolomeak

Asier Orbea Ostolaza 2026ko abuztuaren 30a

Duela hiru urte egin zuten moduan, Kalegoen plaza jendez bete zuen atzo En Tol Sarmiento (ETS) talde arabarrak. 

Inguruko herrietatik jende asko etorriko zela aurreikusten zuen Udalak, eta segurtasun neurriak hartzeaz gainera, pantaila handi bat ere ipini zuten Aita Agirre plazan, Kalegoenen lekurik ez bazegoen kontzertua handik jarraitzu ahal izateko zuzeneko emisioan.

Duela hiru urte sanbartolomeetan emandako kontzertuaz oroitzapen oso onak zituela aurreratu zion taldeko abeslari Iñigo Etzezarretak BARRENAri, eta publikoarekin sortu zen lotura azpimarratu zuen. Orain, are izen handiagoarekin itzuli dira Elgoibarrera, eta publikoarekin duten lotura hori estutu egin dela geratu zen agerian.

Uda honetan kontzertu bakan batzuk eman ditu taldeak plaza eta herriko jaietako formatupean. Udan gehiegi ez kargatzeko hartu zuten erabaki hori, era horretan indarrak gorde eta energia 2027ko martxoan Gasteizko Buesa Arenan emango duten Etxean ikuskizuna prestatzera bideratu ahal izateko. Agortuta daude ematekoak diren hiru saioetarako sarrerak.
Udako kontzertuak herrialde guztietan banatu dituzte, eta zuzeneko oso jendetsuak eskaini dituzte, adibidez, Donostiako Jazzaldian (Zurriola hondartzan), Bilboko Aste Nagusian (Europa Parkean), Huescako Pirineos Sur jaialdian, Sestaon, Getxon eta martxora arteko azken kontzerturako Elgoibar aukeratu zuten. Sanbartolomeetako kontzertu izarra izan da ETSrena, eta 45.980 euroko kostua izan du talde arabarraren kontratazioak.