Hasi dituzte Merkatu plaza zegoen eraikina eraisteko lanak

Asier Orbea Ostolaza 2026ko irailaren 2a

Astelehenean hasi zituzten oraintsu arte Merkatu plaza egon zen eraikina botatzeko lanak, Kalebarren plazan eraikiko duten osasun zentro berriari lekua egiteko.

Eraisketa lanak uztail bukaeran hastekoak ziren arren, sanbartolomeak pasa arte atzeratzea erabaki zuten, eta abuztuaren 31n hasi zituzten lanak. Moyua eraikuntza-enpresak eskuratu zuen eraisketa lanok egiteko lizitazioa, 544.835 euroko aurrekontua aurkeztuta.  Laupabost hilabetean bukatzea aurreikusten dute, lan konplexuak baitira, bota beharreko eraikinak herrigunean daudelako eta Kultur Etxea dagoen eraikin historikoa ez kaltetzeko neurriak hartu beharko dituztelako. Eta, beste horrenbeste San Frantzisko kale aldera dauden etxebizitzekin. Haien kasuan, bota beharreko eraikinetik bananduta egoteak arriskuak murrizten dituela zehaztu dute. Eraikina Deba ibaitik gertu egoteak ere eraispen-lanak baldintzatuko ditu, kontu handia izan beharko baitute ibaira ezer ez erortzeko.

Bizilagunekin batzar informatiboa

Udaletik jakinarazi dutenez, inguruko bizilagunei ere eman dizkiete lanok edukiko dituzten epeen eta eragin nagusien inguruko azalpenak, joan den uztailaren 22an bizilagunekin egin zuten informazio-bileran. Topaketa hartan Maialen Gurrutxaga alkateak, Ion Zubiaurre Hirigintza zinegotziak eta Moyua enpresako ordezkari batek eman zizkieten azalpenak bizilagunei.

Han azpimarratu zutenez, segurtasunak izango du lehentasuna prozesu osoan: obra-eremua hesituta egongo da, sarbidea mugatua izango da eta oinezkoentzako pasabideak behar bezala seinaleztatuta egongo dira.
Eraikin mugakideetan — horien artean San Frantzisko 1 eta Kultur Etxea — eraiste kontrolatua egingo dute, lehenik eskuz eta ondoren mekanikoki, "pitzaduren protokoloa" izenaz ezagutzen den prozesua jarraituz.

Uztailaren 22an egin zuten auzolagunei informazioa emateko batzarra. Elgoibarko Udala.

Lanen eragina, oinezkoentzat eta trafikoan

Lanek nolabaiteko eragina izango dute inguruneko mugikortasunean, baina Udalak neurriak hartuko dituela aurreratu du, "eragozpenak ahalik eta gehien murrizteko".

Lanak astelehenetik ostiralera egingo dituzte  08:00etatik aurrera, eta sortutako hautsa murrizteko ura erabiliko dute. San Frantzisko kalea oinezkoentzat zabalik egongo da obra osoan zehar, baina noizean behin Kultur etxe atzeko zubia itxi beharko dute, behin-behinean.

Ibilgailuentzat, berriz, obraren ondoko kale-zatia itxita egongo da, "baina une oro bermatuko da larrialdietako ibilgailuen igarotzea". Udaletik gaineratu dutenez, Aobran egon daitezkeen aldaketa puntualak bandoaren bidez jakinaraziko dituzte. Informazio-bilerak ere deituko dituztela azaldu dute, eta lanei buruzko informazio panelak ere ipiniko dituzte kalean. Horiez gain, herritarrek Herritarren Arretarako Zerbitzura joateko aukera dute, "edozein zalantza argitzera", eta hango beharginek obraren arduradunei helaraziko dizkiete.

Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagak dio Udalarentzat funtsezkoa dela proiektuak gertutasunetik azaltzea, herritarrei proiektuak azaltzea eta haien zalantzei zuzenean erantzutea. "Gardentasuna eta herritarrekiko harreman zuzena funtsezkoak dira guretzat, eta horregatik jarraituko dugu herritarrekin biltzen prozesu osoan zehar. Asko eskertzen dugu inguruko biztanleek gaur hona hurbiltzean erakutsi duten harrera ona eta interesa ". 

Kalebarren plazan osasun-zentro berri bat eraikitzeko proiektuan pauso bat gehiago eman eta hitzarmena sinatu zuten Osakidetzak eta Elgoibarko Udalak, eta joan den ekainean onartu zuten Elgoibarko udalbatzarraren osoko bilkuran.