Udaletik jakitera eman dutenez, atzo itxi zuten 2026ko bainu denboraldia, igerilekuez gozatzeko eguraldi apartarekin bukatu ere. Eta, horixe izan da aurten inoiz baino sarriago errepikatu dena, alegia, igerilekuetara joateko moduko egun ugari egin ditu.
Datuetan igarri da eguraldiak eduki duen eragina. Guztira 54.465 erabiltzaile erregistratu dituzte, ekainaren 13tik irailaren 13ra bitartean. Hortaz, %15 igo da erabiltzaile kopurua, iazko denboraldiarekin alderatuta; iaz 47.204 erabiltzaile zenbatu baitzituzten. Igerilekuak 1993an zabaldu bazituzten ere, Udala 2005ean hasi zen erabiltzaile kopuruak neurtzen, eta jasota dituzten datuen arabera 2009koa izan zen udarik jendetsuena Mintxetan, 55.056 erabiltzailerekin. Orduan baino 591 erabiltzaile gutxiagorekin, aurtengoa da bigarren denboraldi jendetsuena. Nabarmentzekoa da uztaila izan zela jende gehien batu zuen hilabetea, alde handiarekin.
Hilabeteka, hauek dira 2026ko datuak:
- Ekaina* 16.440 erabiltzaile (*ekainaren 13tik 30era)
- Uztaila: 24.346
- Abuztuan: 9.348
- Iraila*: 4.332 (*irailaren 13ra arte)
Egunik jendetsuenak honakoak izan dira:
- Uztailaren 21a: 2.313 erabiltzaile
- Uztailaren 23a: 1.988
- Uztailaren 5a: 1.475
4.608 abonatu
Elgoibar Kirolak 4.608 abonatu ditu, iazko kopuru bera, eta udal arduradunek azpimarratu dutenez, datu horrek erakusten du mantendu egin dela ohiko erabiltzaileen "oinarri sendoa". Elgoibarko Udalak pozik hartu ditu datu horiek eta berretsi nahi du igerilekuak herritarrentzat ezinbesteko gunea direla, ez bakarrik gozamenerako eta aisialdirako, baita bero-boladen aurrean aterpe fresko eta segurua izateko ere. Aurten, hain zuzen, igerilekuen ordutegia luzatzeko neurria hartu zuten beroagatiko alarma gorria ezarrita zegoen egunetarako.
Festa giroan hasi zen bainu denboraldia ekainaren 13an:
Mintxetako igerilekuetako erabiltzaile kopuruen bilakaera, urtez urte:
- 2026: 54.465 erabiltzaile
- 2025: 47.204
- 2024: 40.210
- 2023: 47.400
- 2022: 47.000
- 2021: 41.500
- 2020: 27.000
- 2019: 43.000
- 2018: 42.000
- 2017: 34.000
- 2016: 40.411
- 2015: 45.123
- 2014: 34.522
- 2013: 53.527
- 2012: 52.000
- 2011: 42.065
- 2010: 48.000
- 2009: 55.056
- 2008: 34.342
- 2007: 15.000
- 2006: 29.000
- 2005: 32.000