Aitzol Apalantza eta Virginia Reguero izan dira azkarrenak Elgoibarko Rallysprintean

Asier Orbea Ostolaza

Elgoibarko Rallysprintaren estreinako edizioan lortu zuen garaipena errepikatu du Aitzol Apalantza gidari errezildarrak probaren hirugarren edizioan, oraingoan Virginia Reguero kopilotuarekin batera.

Hala, iaz jokatutako probako arantza atera du Apalantzak, ezin izan baitzuen proba bukatu. Horrez gainera, Elgoibarren batutako puntuekin lidergoa sendotu du 2026ko Euskadiko Rallysprint Txapelketan. Proba bakarra falta zaie jokatzeko, Intxortako rallysprinta, urriaren 31n. 

Apalantzak eta Reguerok (Ardatz Motorsport) lan bikaina egin zuten Azkarateko errepideetan, eta hegan jarri zuten Hyundai I20N Rally 2 autoa. 20 minutu, 12 segundo eta ehuneko bat behar izan zuten 9,8 kilometroko tramoa hirutan osatzeko. Hala, hogei segundotik gorako aldea atera zieten bigarren sailkatuei: Pablo Fernandez eta Alvaro Gutierrez (Skoda Fabia R5). Horiek, 20:32.9ko denboran osatu zuten erlojuaren aurka egin beharreko ibilbidea. 6. multzoko ibilgailuen artean, Gorka Antxustegi eta Xabat Urresti (Renault Clio Williams) sailkatu ziren hirugarren postuan, 21:08.1-eko denbora eginda.

Azkarateko errepide zaharrean, Elgoibar partean, egiten ari diren konponketen ondorioz, ibilbidea moldatu zuten antolatzaileek, Kastinparro taldekoek. 

Unai Usobiaga eta Jesus Maria Espilla elgoibartarrek (Peugeot 2025 GTI) meritu handiko 9. postuan sailkatu ziren sailkapen nagusian, 22:26.1eko denborarekin, irabazleengandik 2 minutu eta 14 segundora. H1 kategorian gailendu ziren. 
Kategoria bakoitzeko irabazleak goiko argazki-bilduman ikus ditzakezue.

Argazkiak: EAF-FVA Euskadiko Automobilismo Federazioa eta Kastinparro.