Asfaltatze lanak egingo dituzte asteburuan AP-8 autobidean, Mendaro eta Elgoibar artean

Asier Orbea Ostolaza

Trafikoan eragina edukiko dute asteburuan AP-8 autopistan egingo dituzten asfaltatze lanek.

AP-8, AP-1, GI-20 eta AP-636 errepideetako hainbat zatitako zoladura berritzeko kanpainaren barruan egingo dituzte lanok. Joan den irailean AP-8an egin zituzten fresatze lanei jarraipena emango diete orain errepidea asfaltatuz. Mendaro eta Elgoibar arteko errepide zatia da asfaltatuko dutena, Bilborako noranzkoan, zehazki 61,000 eta 64,200 kilometroen artean.

Lan horiek egin ahal izateko aurretik hainbat jarduketa egin behar dituztenez, urriaren 9tik, ostiraletik, 21:00etatik aurrera ezkerreko erreia itxiko dute Bilborako noranzkoan.

Sahiesbidea zapatutik domekara

Asfaltatze lanek irauten duten bitartean sahiesbidea bat (bypassa) sortuko dute pare horretan. Hala, Bilborako noranzkoan doan trafikoa Behobiako noranzkoko plataformatik desbideratuko dute. Bypass hori 61,000 kilometrotik 64,200 kilometrora ipiniko dute, larunbatean 16:30etik aurrera. Aurreikusita dago bypass-a igandean 15:00etan kentzea. Halere, ezkerreko erreia igandea iluntzera arte itxita mantenduko dute, bi norabideetan erdibideko pasoak berriro muntatu arte.
Bidegik jakinarazi du ordutegi guztiak "gutxi gorabeherakoak" direla, izan ere, eguraldia bezalako faktoreek aldaketak eragin ditzakete. Horren harian, gomendatzen du zuhurtziaz gidatzeko eta seinaleen zein lanean arituko diren langileen jarraibideei kaso egiteko.

Zoladura berritzeko kanpaina 

Bidegik 14,9 milioi euroko inbertsioa egingo du AP-8, AP-1, GI-20 eta AP-636 errepideetako 46 kilometrotan bide-zorua berritzeko. Debabarrenean daude berritu asmo dituzten errepide zati batzuk, 16,6 kilometro guztira. Berritze kanpaina honen helburua da zoladuraren baldintza estrukturalak eta funtzionamendua mantentzea, bide-segurtasuna bermatuz eta ematen den zerbitzu mailari eutsiz. Zoladura berritzeko kanpainaren bosgarren jarduera izango da asteburu honetako hau.