Nahia Idoiaga Mondragon izango da hizlaria, eta Aita Agirre Kulturguneko areto nagusian izango da saioa bihar -urriak 28-, 18:00etan. Hitzaldia euskaraz izango da, baina nahi duenak itzulpen zerbitzua eskatzeko aukera izango du.
Idoiaga psikologiako doktorea da, eta EHUko ikertzailea KideOn ikerketa-taldean. Psikologia departamenduko irakaslea da Bilboko Hezkuntza Fakultatean, eta feminismoa, haur eta gazteen ongizatea eta egoera kalteberan dauden kolektiboen inklusioa ditu ikerketa-lerro nagusi.
Elgoibarren emango duen saioan, gazteen osasun mentalean zuzenean eragiten ari diren presioak aletuko ditu Idoiagak. Horietako bat etxean bertan kokatu du: “Oraingo gurasook exijentzia-maila handia jartzen diegu seme-alabei, gu baino hobeak izan daitezen akademikoki, kirolean, itxura fisikoan, sozialki…”.
Idoiagak uste du funtsezkoa dela nerabeak adimen emozionalean trebatzea, haien garapen emozional, sozial eta akademikoan eragiten duten hainbat arrazoirengatik. Errendimendu akademikoari dagokionez, adimen emozionala berezko motibazio handiarekin lotuta dagoela dio, eta horrek eragin positiboa izaten du errendimendu akademikoan. Alegia, kontzentrazioa eta erabakiak hartzea: eskolako lanetan erabaki informatuak eta orekatuak hartzen laguntzen du.
Lau saio
Trebakuntza ziklo honetako saioak, lau guztira, Zurrunbiloa egitasmoaren eta Loratzen estrategiaren baitan antolatu ditu Elgoibarko Udalak. Zehaztu dutenez, herriko eragile eta herritar guztiei daude zuzenduta: erakunde eta elkarteetako kideei, ikastetxeetako gurasoei, kultur eta kirol-arloko profesionalei eta entrenatzaileei, eta, oro har, nerabe eta gazteen ongizate emozionalean eragin dezaketen herritar guztiei. Besteak beste, kirol munduko erritu eta ohiturek mutilen identitatean eta ongizate emozionalean nola eta zenbateraino eragiten duten aztertuko dute.

