Lasterketaren alde gozoa eraman dute pantailara Hiru Txikiak Trailaren aftermovie-an

Ander Gomez

Aurten ere, lasterketa eguna drone eta kamera profesionalekin jasotzeko apustua egin dute antolatzaileek. Bideoan probetan bizitakoa islatzera mugatu dira, behelainoak hartutako herrigunean irtetear zeuden lasterkarien urduritasunetik hasi, eta Oizko mendigainean eguzkiak irribarrez eta nekez betetako aurpegiak argitu zituen arte.

Irailaren 19an jokatu zen Hiru Txikiak Traila, orain arteko ediziorik jendetsuena, 1.000 lagunetik gorako parte-hartzearekin.

Kirolaz haratago, ordea, polemikak markatu zuen eguna, FEREDUren –genero-indarkeriaren salaketa baten aurrean ustezko erasotzailearen alde egin zuen enpresaren– babesletza mantentzeko erabakiak eragindako eztabaidaren ondorioz. Ostean, antolakuntzak enpresarekiko lankidetza-harreman oro eten zuela eta hausnarketa prozesu batean murgilduko zela iragarri zuen, Hiru Txikiak Traila berriro egingo ote den zalantzan utzita.

Hausnarketa horretan, alde batetik, hartutako erabakiak eta parte-hartzaileen kexak izango dituzte mahai gainean; eta, bestetik, aftermovie-an islatu dutena: lasterketa herrikoi bezala sortu zena, adin guztietako ermuarrentzat zein lekutatik etorritako korrikalarientzat erreferentziazko hitzordu bihurtu dela.

Urte hasieran eman ohi dute hurrengo lasterketaren berri; beraz, 2027ra arte itxaron beharko da proiektuak jarraipenik izango duen edo bost urteko ibilbide honekin itxiko den jakiteko.