Enetz Ezenarro Mendaroko alkateak hasi zuen aurkezpena, Mendaroko lurretan egindako aurkikuntzan parte hartu zuten guztiei eskerrak emanez. Azaroaren 3an, Irungo Gordailuan egin zuten aurkezpena ekarri zuen gogora Ezenarrok, eta han ondoan izan zituen lagunak izan zituen atzo ere inguruan: Jesus Tapia EHUko arkeologoa, Asier Gomez Olivencia eta Alvar Manjon Garcia paleontologoak eta Burumendi Espeleologia Taldeko Nerea Arrizabalaga eta Joseba Aramaio, besteak beste. Izenaren gorabehera ere aipatu zuen Ezenarrok, aurkikuntzaren berri eman zutenetik bi modutara izendatu baita lehoia: Arnoko lehoia eta Ormolako lehoia. Ormolako lehoia esan izan zaio, Mendaroko Ormola Bide Ondoko leizean topatu zutelako, eta Arnoko lehoia, izen hori eman diotelako espeleologoek, Nerea Arrizabalaga Burumendi taldekoaren esanetan, Arnoko karstean kokatzen dutelako leizea
Ezenarroren ondotik, Arrizabalaga berak hartu zuen hitza, Burumendi taldekoek egindako bideoa-aurkezteko. Bideoan, zenbait taldekidek aurkikuntza nola gertatu zen azaltzen dute: nola eta zergatik erabaki zuten aurrez taldekide batzuk ezaguna zuten Ormola Bide Ondoko Leizera itzultzea eta nola iritsi ziren lehoiaren hezurdura topatu zuten lekuraino. Azaldu zuten, era berean, lehoia aurkitzeaz bat jabetu zirela hezur haiek animalia handi batenak behar zutela izan, eta balizatu egin zituztela, kobazuloak jarraipenik ote zuen miatzen jarraitzeko. Mutrikuko espelologoak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin jarri ziren harremanetan, hezurrak topatzeaz batera, eta ondoren, Jesus Tapia EHUko arkeologoarekin. Hark jarri zituen gero paleontologoekin harremanetan. Kobazuloko barrunbeak erakutsi zituzten bideoan, irudi eta infografia ikusgarriekin lagunduta. Eta, era berean, lehoiaren hezur guzti haiek garbitu, sailkatu, identifikatu eta leizetik ateratzeko egindako lanak ere erakusi zituzten. Zehaztu zuten erreskate-teknikak baliatu zituztela material guzti hura handik ateratzeko, eta paleontologoak ere trebatu behar izan zituztela kobazuloan sartzeko. "Leizea, hogei metro sakon zela esan zidaten, hezur batzuk topatu zituztela esanez deitu zidatenean. Eta eskerrak hori esan zidaten, egi osoa kontatu izan balidate akaso ez nintzatekeen sartuko-eta", aitortu zuen gero Asier Gomez-Olivencia paleontologoak horren harira.
Burumendi taldeko Joseba Aramaiok ere hartu zuen hitza, tamaina honetako aurkikuntza bat horrenbeste denbora isilean gordetzeko erabili zuten estrategia azaltzeko eta espeleologiak zientziarekin duen lotura aldarrikatzeko, besteak beste. Jesus Tapia arkeologoa ere irten zen jende aurrera. Bera izan zen espeleologoen eta paleontologen artean bidea egin zuena eta aitortu zuen beretzat ohore bat izan dela haitzuloetako lehoi baten hezurdura bertatik bertara ikusi ahal izatea. Eta horien guztien ondotik, paleontologoek hartu zuten hitza, lehoiaren inguruko ezaugarriak aletzeko eta aurkikuntzaren testuingurua azaltzeko. BARRENAk argitaratua du Asier Gomez paleontoloarekin egindako elkarrizketa, bai eta Burumendi espeleologia taldekoei egindakoa, eta albiste honen behean duzuen loturan irakurri ditzakezue, gutxi asko, atzo eman zituzten azalpenak.