Erasoa jasan duen herritarra Muneta baserriko bizilaguna da eta BARRENAri kontatu dionez, atzo, eguerdiko hamabiak aldera, Ezozi auzoan, Muneta eta Araneta baserrien arteko mendi-bide batean (Karakateren hego-ekialdeko mendi magalean), "makurtuta lurreko gaztainak batzen" ziharduela, "mastin arrazako zakur batek atzetik bultza egin eta lurrera bota" zuen. Ondoren, haginka hasi zitzaion oin bateko mendiko botatik (irudia azpian) eta ikusita ez zuela askatzen, "zela edo hala", inguruan zuen "makila bat" hartzea lortu zuen eta orduan, zakurrak alde egin zuen. Zorionez, botak eutsi zien zakurraren haginkadei eta apurtu bazizkion ere, ez zion hankan zauririk egin, "nahieza bakarrik".

Gizonezkoak zeraman mendiko bota zulatuta.
Gaur goizean, gizonezkoak salaketa ipini du Bergarako ertzain-etxean eta azaldu duenez, Ertzaintzak jakinarazi dio eraso egin zion zakurra identifikatzeko eta topatzeko prozedura abiatuko duela eta lortzen badute, auzia epaitegietara bideratuko dela. Gizonezkoak adierazi du berak ez duela intentziorik epaitegietara jotzeko, bere helburu bakarra dela gertatu dena jakinaraztea, berriz horrelakorik gerta ez dadin: "Orain perretxiku garaia da eta jendea ohartarazi nahi dut, argi ibili dadin. Nik nahi dudana da mendira trankil joan ahal izatea eta ez dadila ezer larriagorik gertatu behintzat".
Aurten, mastinek egindako hirugarren erasoa izan da atzokoa, izan ere, urte hasieran beste bi eraso gertatu ziren Karakate inguruan: bata, urtarrilean, mendigainean eta bestea, martxoan, mendigainetik gertu.