Paula Calvo Espainiako txapeldun 200 metro bizkar estiloko proban

Asier Orbea Ostolaza 2026ko uztailaren 28a

Paula Calvo podiumaren gorenean 200 metro bizkar probandotelo lortutako emaitzagatik. Arg: RFEN

Denboraldi aparta egin du Paula Calvo Villalobos (Elgoibar, 2009) igerilariak, eta amaiera ezin hobea eman dio; bost domina irabazi baititu junior mailako Espainiako Igeriketa Txapelketan.

Adinez oraindik junior mailako igerilaria den arren, senior mailako txapelketetan ere nagusi izan da aurten Calvo: urrezko lau domina irabazi zituen Euskal Herriko Igeriketa Txapelketan, eta Gipuzkoakoan ere lau probatan gailendu zen. Senior mailako Espainiako txapelketan ere lehiatu zen Palma de Mallorcan, eta orain bere adin tartekoekin lehiatu da Sabadelleko Can Llong igerilekuan jokatu duten junior mailako Espainiako Txapelketan.

Eibar Igerixan taldeko kidea bizkar estiloan moldatzen da ondoen, eta hor lortu zituen emaitzarik onenak. 200 metro bizkar estiloko proban azkarrena izan zen 17 eta 18 urtekoen artean, 2:17.77ko denborarekin. Proba horretan, baina, 16 urteko Claudia Iwan Stawianak izan zen azkarrena (2:17.64), 14 ehuneko aldearekin. 
Paula Calvo txapeldunorde izan zen bizkar estiloko 50 eta 100 metroko probetan, bietan Alicia Melero Zamoraren atzetik. Motzenean 29.88-ko denborarekin gailendu zen Melero, eta Calvok 29.96ko denborarekin lortu zuen bigarren postua. 100 metrokoan ere Melero izan zen azkarrena (1:03.04) eta 93 ehunekoko aldea atera zion igerilari elgoibartarrari. 
Estilo librean ere lehiatu zen Paula Calvo eta brontzezko bi domina eskuratu zituen, 50 eta 200 metroko distantzietan. (emaitzak)

Sabadellen 676 igerilari lehiatu ziren, -439 gizonezko eta 237 emakumezko-, 216 talde ordezkatuz. Eibar Igerixan taldeak 18. postua lortu zuen emakumezkoen taldekako sailkapenean.

Honenbestez, bukatu dira uda parteko txapelketak Paula Calvorentzat, domina uzta bikaina eskuratu eta gero. Eta, igerilekuan bakarrik, ez, itsas zeharkaldietan ere emaitzaoso onak lortu ditu.

Paula Calvo Sabadellen jokatu zuten junior mailako Espainiako Igeriketa Txapelketan.