ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarearekin eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin batera, greba orokorrera deitu dute gaurko, azaroak 11, eta eskualdean ere eragin nabarmena izatea espero dute debarroko sindikatuek.
Debarroko ELA eta LAB sindikatuek jakinarazi dutenez, gutxienez eskualdeko 23 enpresak egin dute bat gaaurko greba egunarekin.
Hona greba eguneko lehen orduek herriz-herri eman dutena:
Mendaro
Administrazioan eta hezkuntzan ari da izaten jarraipenik handiena Mendaron etxebizitza eskubidea bermatzearen aldeko greba.
Administrazioan, udal langileen %100ak egin du bat grebarekin, eta ondorioz, udaletxea eta udal liburutegia itxita daude gaur. Kalean, berriz, bakarren bat kenduta, dendak eta tabernak zabalik daude une honetan, eta anbulatorioan eta gimnasioan, ohikoa da jarduna. Zailagoa da grebak industrian izan duen jarraipena antzematea. Nabarmena da besteetan baino askoz auto gutxiago ikusten direla industrialdean, baina lantegietan lanean ari direnak ateak itxita ari dira kasurik gehienetan.
Eskola bueltan ere, ez da besteetan besteko haur txilimalarik. Irakaslegoaren gehiengoak greba egin du gaur Mendaro eskolan, eta gutxieneko zerbitzuak ematen ari dira. Eskolako sarrera-orduan, baina, besteetan baino haur gutxiago ikusi ditugu. Haurreskolan ere, gutxieneko zerbitzuak bermatu dituzte.
Pikete informatiboak
Plazan, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deituta, gazte kuadrilla bat batu da goizean, eta elkarrekin gosaldu ondoren, kartelak sortzen jardun dira. Ondoren, talde txikiagotan banatu eta herrian zehar ibili dira, kartelak eta pegatinak pegatzen eta esku-orriak banatzen, eta azaldu dutenez, 10:50eko trena hartu eta Eibarren eguerdian egingo den manifestaziora joango dira. Kaleko hormetan eseki dituzten karteletan iaz izan ziren etxegabeak eta alokairuen prezio garestiak salatu dituzte, besteak beste. Honako mezuak irakurri ditugu hormetan eseki dituzten karteletan: “Gazteen emantzipatzeko batez besteko adina 30 urtekoa da”, “2025ean 24.540 etxegabetze!” Alokairuaren batez bestekoa EAEn: 900-1.200 euro”.
Deba
Orohar igartzen ari da grebaren eragina Deban. Piketeek Sasiolako zubian egin dituzten bide mozketekin hasi dute eguna. Gero, plazan ere egin dituzte pikete informatiboak. Arratsalderako ere iragarri dituzte mobilizazioak Deban zein Itziarren, 18:00etarako.
Greba orokorrak eragina izaten ari da Debako eta Itziarko hezkuntza zentroetan nahiz udal zerbitzuen ohiko funtzionamenduan. Kalean, komertzio txiki ia denak eta supermerkatuak ere itxita daude. Bestelako establezimendu asko ere itxita zeuden, besteak beste, ileapaindegiak, lokutorioak, inmobiliariak edo estankoa. Kalean igartzen da ez dagoela beste egun batzuetako joan-etorririk, eta Foruen plazan izan ohi den banatzaileen furgoneten joan-etorririk ere ez zen nabari goizean. Zabalik zeuden bizpahiru tabernetan igartzen zen jende mugimendua, han pilatu direlako kalean ziren herritarrak.
Soraluze
Soraluzeko ikastetxeetan eragin handia izaten ari da greba deialdia. Industriari dagokionez, Mendiola Industrialean %50-%60 artekoa da jarraipena. Lantoki askotan ez dute bozketa egin eta norberak erabaki dau joan ala ez. Ala, lanean ari diren tailerretan ez daude langile guztiak. Anbulatorioan langileen %30ak egin du greba. Merkataritzan ia erabatekoa izaten ari da eragina, establezimenduen %95 inguru daude itxita. Era berean, ostalaritzan erabatekoa izaten ari da eragina: bat ez guztiak itxita daude.
Udal zerbitzuak zerbitzu minimoak eskaintzen ari dira, eta Udaltzaingoa bakarrik dago funtzionamendu osoan. Correos ere zerbitzu minimoak eskaintzen ari da gaur, hauteskundeetarako egin beharrekoak bakarrik ari baitira egiten.
Ermua
Ermuan merkataritzan ari da izaten jarraipenik handiena, ikastetxeetan parte-hartze datuak askotarikoak dira eta udal zerbitzuetan gutxieneko zerbitzuak bermatzen ari dira.
Udaletxea zabalik dago eta sail guztietan gutxienez langile bat egongo dela ziurtatu dute, Abiapuntu arreta-bulegoa barne. Udal Liburutegia, berriz, itxita dago. Kirol instalazioei dagokienez, Miguel Angel Blanco kiroldegia eta Betiondo Kirolgunea zabalik daude, baina, egunak aurrera egin ahala, ikastaroetako begiraleen erabakien arabera funtzionatuko dutela aurreratu dute.
Hezkuntzan, jarraipen desberdina izan dute ikastetxeek. Eskolabarrin, irakasleen %56,25 batu da grebara, eta zerbitzuetako langileen %14,28; Anaitasuna ikastolan, irakasleen %72,34; San Lorenzon, %85; eta San Pelayon, irakasle asko barnetegian daudela eta %10eko jarraipena duela jakinarazi dute.
Bestalde, Alboka Musika Eskolak gutxieneko zerbitzuak bermatuko ditu. Jubiletxea ere zabalik dago gutxieneko zerbitzuekin, baina taberna itxita dago eta irakasleen %75 batu da grebara.
Merkataritzari dagokionez, erdiguneko denda eta taberna guztiek ateak itxi dituzte.
Piketeak, lasaitasunez
Herritar dezente batu da 08:00etan abiatutako pikete informatiboetara, eta gazteen presentzia nabarmena izan da. Sindikatuek erabakitakoari jarraituz, banketxe eta etxe-agentzietatik egin dute erronda. Langileak barruan zituen banketxe bat eta taberna bat ez ezik, herriguneko establezimendu guztiak itxita aurkitu dituzte.
Hala, mobilizazioa lasai gauzatu da, eta kaleetan zehar etxebizitza duinaren aldeko aldarriak egiten eman dute goiza. Errepide-mozketa ere egin dute, Kaltxangon. Udaltzaingoa ez ezik, Ertzaintza ere bertaratu da, baina protesta normaltasunez gauzatu da, eta 10-15 minutu ingurura desegin da.
10:30ean plazan elkartu dira, Ermuko zutabea osatu eta Eibarko unibertsitatekoarekin bat egiteko. Elkarrekin Untzaga plazara joan dira, 12:00etako manifestazioan parte hartzeko. Bidean, Mallabiko Enerpac taldearen Larzep lantegiaren itxiera salatzen duen pankarta eraman dute, Enerpac-Larzep ez itxi, 39 familia jokoan leloarekin.
Mallabia
Mallabian grebak udal zerbitzuetan eta hezkuntzan izan du eragina. Udaletik jakinarazi dutenez, erregistro orokorra mantenduko da udaletxean. Liburutegia, berriz, itxita egongo da.
Frontoiari dagokionez, instalazioak normaltasunez egongo dira erabilgarri eguaztenetako ordutegian, arratsaldez, 16:00etatik 22:00etara.
Osasun arloan, koltsultategia zabalik egon da goizean; eta farmaziak ere zerbitzua emango de 14:00ak arte, baina arratsaldez ateak itxiko ditu.
Hezkuntzari dagokionez, Learreta-Markina eskolan grebaren jarraipena %96koa izan da. Gutxieneko zerbitzuak bermatu dituzte, baina ez da ikaslerik bertaratu. Oinarrizko Lanbide Heziketako zentroan ere gutxieneko zerbitzuak mantendu dituzte, eta irakasleen %63,64 batu da grebara.
Elgoibar
Elgoibarren jarraipen zabala izaten ari da greba, bereziki hezkuntzan. Elgoibar Ikastolan zein Herri Eskolan gehiengoak bat egin du grebarekin, eta zerbitzu minimoak soilik bermatuko dituzte. Ikastolan ez da klaserik egongo eta jangela zerbitzurik ere ez dute emango.
Elgoibar BH institutuan %70eko quoruma izan du ikasleen bozketak eta grebaren alde atera da emaitza. Bozketan parte hartu ez duten ikasleek, eskolak jasoko dituzte. IMHn grebaren alde egin dute lanbide heziketako ikasleekk eta Ingeniaritza Dualaren Eskolan ikasle bakoitzak erabaki du eskolara etorri ala ez.
Anbulatorioan zerbitzu minimoak bermatuta daude, baina, bozketarik egiten ez dutenez, langile bakoitzak erabaki du lan egin ala greba egin. Antzerakoa da egoera Udalean. Herritarren Harretarako Zerbitzua, baina, martxan egongo da. Udal Ludotekak eta Gaztelekuak ez dute zerbitzurik emango, grebarekin bat egin baitute beharginek.
Txankakua merkatari elkartetik jakitera eman dutenez, dendariei iradoki diete goizez lan egitea eta arratsaldez ixtea. Hainbat komertzio itxita zeuden goizean, baina zabalik beste hainbat. Aldiz, ostalaritzako establezimendu gehienak zabalik daude.
Musika eskolan grebarekin bat egin dute irakasle batzuek eta beste batzue ez. Beraz, horren arabera emango dituzte klaseak.
Elkarretaratzea, Maalan
Elgoibarren arratsaldean egingo dute grebaren aldeko ekitaldia, 'Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulazioari ez!' lemapean. Maalako parkean egingo dute elkarretaratzea, 17:00etan.
- Grebaren inguruko albiste guztiak HEMEN
Goizean herriz-herri jasotako argazkiak: