Institutuko ordezkariek hasiko dituzte 2026ko sanbartolomeak

Asier Orbea Ostolaza 2026ko uztailaren 14a

50. urteurrena ospatzen diharduen IES Elgoibar BHI zentroko ordezkariek botako dute San Bartolome jaietako Txupinazoa. Udalak gaur aurkeztu du jaietarako prestatu duen egitaraua. 263.900 euroko aurrekontuarekin osatu dute (218.000 euro iaz), eta %51 kontzertu eta emanaldietarako izango da.

Elgoibarko Udaleko eta Elgoibarko institutuko ordezkariek parte hartu dute jaietako egitaraua aurkezteko udaletxean egin duten agerraldian: Maialen Gurrutxaga alkatea eta Andrea Arriola kultura zinegotzia izan dira Udaleko ordezkariak; eta, institutuaren izenean Jone Agirregomezkorta, Iñaki Konde eta Enrike Larrañagak parte hartu dute. Egungo zuzendaria da Agirregomezkorta eta estreinakoa izan zen Larrañaga. Agirregomezkortak eskerrak eman dizkie udal agintariei txupinazoa botatzeko aukera emateagatik, eta ohore bat dela adierazi du. [Irakurri hemen Elgoibarko BH Institutuaren 50. urteurrenaren harira BARRENAn argitaratutako erreportajea]

Atseden egun bat

Abuztuaren 23tik 29ra izango dira aurtengo sanbartolomeak, eta Baserritarren Eguna izango da jaietako azkenekoa, abuztuaren 29an. Hortaz, ia jarraian izango dira festa egun guztiak. Txiki Egunaren biharamuna, abuztuaren 26a, izango da atseden egun bakarra. 

  • Abuztuak 23, domeka: San Bartoome Bezpera Eguna
  • Abuztuak 24, astelena: San Bartolome Eguna
  • Abuztuak 25, martitzena: Txiki Eguna
  • Abuztuak 27, eguena: Jubilatuen eta Umeen Eguna
  • Abuztuak 28, barikua: Gazte eta Nerabeen Eguna
  • Abuztuak 29, zapatua: Baserritarren Eguna
Iaz baino 45.000 euro gehiagoko aurrekontua

2026ko San Bartolome jaietarako aurrekontua 263.900 eurokoa da, iazkoa baino 45.000 euro handiagoa. Musika emanaldietarako bideratu dute diru partida handiena, hain justu ere erdia baino zertxobait gehiago, aurrekontuaren %51 (134.481 euro). Aurtengo kontzertu izarra ETS En Tol Sarmiento taldeak emango du eta 45.980 euroko kostua izan du talde arabarraren kontratazioak. Jaietako osagai eta "ardatz" nagusiena musika dela nabarmendu dute udal arduradunek. ETS taldeaz gainera, Sune, Gozategi, Puro Relajo eta Kaparrak taldeek emango dituzte kontzertuak jaietako egitarau ofizialaren barruan. Aipaturikoez gainera, EME Elgoibarko Musikarien Elkarteko kide diren Muzak eta Alguillo eta Alkimistak taldeek ere joko dute jaietan, "herriko talentuari ikusgarritasuna emanez". 

Aurrekontuaren beste bi partida nagusienak ganadu, baserri eta gastronomia jarduerentzako (20.863 euro; %8a); eta azpiegitura eta ekipamenduetarako izango dira (20.555 euro, %8a).

Aurrekontuaren %6a, hau da 15.529 euro, sokamuturra antolatzeko erabiliko dute. Merkatu plaza eraisteko lanak atzeratu ostean, ohiko hiru sektoreetan egin ahal izango da sokamuturra abuztuaren 25ean, 27an eta 28an. Txiki Egunekoa Elgoibarko Ruso ganadutegiko zezen eta bigantxekin egingo dute, Adinekoen Egunekoaz Azpeitiko Lopene ganadutegia arduratuko da, eta azken sokamuturra, Gazteen Egunekoa, Mutrikuko Ibiri ganadutegiarekin egingo dute. 

Haurren eta gazteen egunetarako jarduerak antolatzeko 16.257 euro bideratu dituzte aurrekontutik, %6a. Era berean, adinekoei zuzendutako egitarauko ekitaldietarako 11.397 euro (%4) erabiliko dituzte.
Aurrekontuaren gainerakoa, 44.818 euro (%17a) beste hainbat partidatan banatuta dagoela zehaztu dute, hala nola, "goitibehera jaitsiera, ikuskizunak, prentsa, kalejirak, sariak eta segurtasuna". 

Jaietako egitaraua elkarlanaren emaitza dela azpimarratu dute Gurrutxagak eta Arriolak. Batetik, herritarrei galdetegi baten bidez parte hartzeko aukera eman zaiela azaldu dute; eta, bestetik, lau bilera egin dituzte herriko eragile eta elkarteekin, "egitaraua osatzeko proposamenak jasotzeko, beharrak identifikatzeko eta jaiak herritarren ikuspegitik osatzeko". 

 
Aita Agirre, nekazal munduaren erakusleiho

Aita Agirre plazak protagonismo berezia izango du aurten. Limousin arrazako abereen Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak txandan txandan jokatzen dituzte sanbartolomeetako Baserritarren egunean, urte batean Gipuzkoakoa eta hurrengoan Euskadikoa. Aurten Euskadikoa egitea tokatzen zitzaien arren, ezin izango dute egin, abererei eragiten dieten indarreko osasun-murrizketen ondorioz. Halere, formatua egokitu, eta abeltzantza ustiategi bakar bateko animalien erakusketa egingo dute. Eta kokagune berrria edukiko du, orain arte Sigmako aparkalekuan egiten baitzuten eta aurten Aita Agirre plazan izango da Limousun arrazako aberrekin egingo duten erakustaldia. Era berean, Baserritarren Egunean jokatzen duten Mintxeta Memoriala harrijasotze txapelketa ere Aita Agirren egingo dute aurten, Kalegoen plazan beharrean. ETSk gauean emango duen kontzertua prestatzeko beharko dute Kalegoen plaza.

Jaiak errespetutik eta bizikidetzatik bizitzeko gonbidapena

Maialen Gurrutxaga alkateak azpimarratu du jaiak Elgoibarrerako unerik berezienetako bat direla: "San Bartolome da Elgoibarrek bere bertsiorik onena erakusten duen unea. Kaleak bizitzaz, musikaz, topaketaz eta alaitasunez betetzen dira. Programazio anitza, erakargarria eta adin guztietarako pentsatua eraikitzeko lan egin dugu, baina jaien benetako balioa pertsonek jartzen dute. Horregatik, herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu kalera irtetera, parte hartzera, partekatzera eta gozatzera, errespetutik, elkar zaintzetik eta bizikidetzatik abiatuta. Taldeka harro egoteko moduko jaiak nahi ditugu, eta guztiok sentitu behar dugu horietan".

Uztailaren amaieran eskuragarri egongo da programa osoa paperean, eta HAZen (Herritarren Arretarako Zerbitzua), Aita Agirreren Kultur Kafean, Jubilatuen Etxean, egoitzan, Eguneko Zentroan, Kiroldegian eta Mintxetan eskuratu ahal izango da, baita udalerriko hainbat merkataritza-establezimendutan ere. Programa formatu digitalean ere eskuragarri egongo da www.elgoibar.eus webgunean, jarduera bakoitzaren ordutegi zehatzekin eta azken orduko edozein aldaketarekin. Nahiago dutenek ere Elgoibarko kaleetan zintzilikatutako jaietako kartelen QR kodea eskaneatu ahal izango dute. Ibon Serranoren diseinuarekin osatu dute aurtengo kartela.

Erlazionatuak