Indarra lantzeko teknikak irakatsiko ditu Iosu Rodriguez kulturistak

Asier Orbea Ostolaza

Elgoibar Kirolakek antolatuta, indarra lantzeko teknikei buruzko saio monografikoa emango du Iosu Rodriguezek Mintxetan, abenduaren 3an.

Abonatuentzako saioa izango dela jakinarazi dute antolatzaileek. Doakoa den arren, ikastaroan hamabost lagunentzako lekua bakarrik egongo dela ere zehaztu dute. Interesatuek mintxeta@elgoibar.eus helbidera idatzi beharko dute izena emateko. Abenduaren 3an izango da saioa, Mintxetako muskulazio gelan, 18:30etik 20:00etara. 

Munduko kulturismo naturaleko txapeldunorde izan berri da Iosu Rodriguez, eta Mintxetako muskulazio gelan egin daitezkeen ariketen inguruko saio "praktikoa, gertukoa eta teknikoa" emango duela aurreratu dute Elgoibar Kirolakeko arduradunek.

Indarra lantzea, indarrean

Berritze eta handitze lanak bukatu ostean, irailean zabaldu zuten Mintxetako gimnasio berritua, eta herriko kirolzaleen interesa piztu zuen. Elgoibar Kirolaken kirol koordinatzailea den Argiñe Gabilondok hemen azaldu zuen moduan, lehen hilabetean ia 600 erabiltzaile pasa ziren gimnasiotik. Interes hori asetzeko eta makina berrien erabilpenean trebatzeko,  hamazortzi saio berezi antolatu ditu Elgoibarko Udalak, eta horietan 120 abonatutik gora parte hartu dute. Ildo horretan antolatu dute orain saio monografiko hau.